martes, 24 de marzo de 2009


*diario GARA, 24 marzo 2009
Opinión. Colaboraciones
*diario BERRIA, 25 marzo 2009
Carta

Ugaitz Elizaran Agilar y Juan Trecet Sastre. Expresos políticos vascosJosé Ortín Martínez, agur eta ohore, hasta siempre en el recuerdo:
Aurtengo martxoaren 21ean, Foncalenteko espetxean (Alacant) Jose Ortin Martinez preso politiko madrildarra zendu zen. Aurrez aurreko komunikazio batean bihotzekoak jo zuela baino askoz gehiago jakin gabe jarri gara idazten, baina espetxe deitzen duten zulo horretan mediku funtzioa betetzen duten gehienak ezagutzen dituen inor ez litzateke harrituko ardurak banatzen hasiko bagina.
Adinez ez zen gazteegia agian. Adinez diogu, eta ikaspenez ere ez, bizipenez betetako bizi oso baten erantzukizuna baitzeraman bizkarrean. Erantzukizuna, bai, militante, borrokalari eta iraultzaile moduan, bere ikaspenak ez zituelako erabiltzen albo batetik begiratu eta gazteagoei egin beharrekoa azaldu nahian. Eta agian horregatik zuten berriz ere preso. Baina batez ere bere duintasunagatik zuten gatibu, Estatu honetan borroka garesti ordaintzen delako. Badugu horren berri euskaldunok, baina badute horren berri munduan zehar ere, eta bereziki badute horren berri Estatu berorren mugen baitan duintasunaren kolore gorriak haizatzeko unean atzera urrats bakar bat ere ematen ez duten horiek ere.
Jose espetxean ezagutu genuen, beste hainbat euskal burkideren moduan. Bizitzaz, borrokaz, iraultza edo iraultzak aurrera ateratzeko moduaren gainean desadostasun ugari izango genuen. Herri ezberdinetako seme izaki, kultura ezberdinak genituen, bizipen ezberdinak, eta ikuspegi ezberdinak ere izatea da normalena. Ederki genekien txantxa zenbaitek eta gai sakonei buruz sarri umorezko ukitu batekin eztabaidatzeko joerak sutan jartzen zutela. Baina bagenekien, halaber, gugan burkideak ikusten zituela. Etorkizuna ere, han preso ginenongan. Eta etorkizun hori ikustea urte gogorretako borrokari, urte luzetako bizitzari zentzua ematea zen, besteak beste.
Gure Euskal Herri honetan batzuetan dena irabazita eta beste batzuetan dena galduta ikusteko joerak ageri dira. Epe motzeko berrien eraginak, nonbait. Agian beste herri zenbaitetako iraultzen egoeraren ezagutzak horretarako balio du nagusiki, egindakoa, lortutakoa, noraino iritsi garen eta aurrera begirako aukerak baloratzen ikasteko.
Josek aurrera egin zuen Diktaduraren garai ilunetan. Duela hiru hamarkada pasatxoko itxaropen eta aldaketa urte argitsuetan ere ez zen etxean geratu. Baina bere borroka eta konpromisoa ez ziren itxura aldaketa bat lortzeko. Iraultzaile modura mundu berri batekin zuen hartua erantzukizuna, bere ondorio guztiekin. Horregatik, eta Estatuko mugimendu komunistak agian sekula jasotako kolperik latzenen garaietan ere bere jarduna konpromiso maila gorenetan mantendu izan du.
Berria jaso eta ezagutu gabe ere halako borroka-bizitza baten ostean espetxean hiltzeak pena sor dezake. Baina iraultzaile gisa, espetxean, kalean nahiz sasian biziari amaiera iristen zaionean, lepoa makurtu ez izana da garrantzitsuena, erantzukizun militanteaz jokatu izana. Horrek askatasunean mantentzen zaitu. Borroka duintasuna delako, askatasuna. Pertsonala zein kolektiboa.
Komunista batek utzi gaitu, iraultzaile batek. Historia liburuetan agian agertuko ez dena, eta omenaldiak debekatuta izango dituena, zalantzarik gabe. Ezin zuen bestela izan. Baina gaur negar nork egingo duen gogora datorkigu, gizon handi horrek ziur beti zaindu duen inguru aberatsean. Espetxean nahiz klandestinitatean, lanean eta borrokan, pertsona baten tamaina neurtzeko irizpide bikainena haren ingurua neurtzea izan baitaiteke, eta gaurkoan urrezko malkoak isuriko dira. Etxe askotxotan, kale zenbaitetan, surik gogorrenen aurrean bizia erabat inoiz galtzen ez duen sasi horretan, eta ziega gehiegitxotan.
Foncalenten, bereziki. Bertan, euskaldunen artean eta abereentzat ere debekatuta dauden bizi baldintzetan bizi direnen artean. Concharen malkoek irtenbideren bat bilatuko baitute, beste inork baino gehiago Joseren hutsunea pairatuz, baina elkarri emandako guztiaren indarraz aurrera eginez, zalantzarik gabe. Gorriok badakigulako zerurik ez dugula zain, baina infernu honetan suaren koloreei morea ematen ez dugu etsiko. Ametsak bero mantentzeko, kateak urtzeko eta kategileak bertan erretzeko.
Jose, hau guztia planaren parte izatea espero dut. Tunelari behingoz irteera eman izana. Eta laster jakingo dugu, zu ez baitzara besteak hor utzita alde egiten duten horietakoa.

1 comentario:

Anónimo dijo...

Otro muerto por la política penitenciaria, como bien se explica en el artículo editado en "gara" no pudieron apagar su llama revolucionaria, murio en la cárcel sin agachar la cabeza. Ahora que el PSOE-GAL quiere eliminar cualquier recuerdo de los luchadores en Euskal Herria, es más necesario que nunca homenajear y recordar a José Ortín. Hasta que todos los presos políticos esten en caso seguira la lucha.

adiorik ez, laister arte José!